Egoera

>> Teknologia, arrazonamendua, alfabetizazioa eta enpirizismoari esker argia hedatzen joan da, hainbeste, itsutu egin gaituela. Argiak ukitu ez dituen gauza horiek ez dira existitzen. Kritizismoaren indartzeak ilusioa berpiztu bazuen Ilustrazioan, arima nekatu da galderek galdera gehiago irekitze honetaz, mundu ziniko batean geunden eta globalizazioak zinismoa eta hutsunea zabaldu ditu munduko zirrikitu guztietara. Indibiduoak bitartean, bizitzako zirimolak jasan ahal izateko errealitatearen zati txiki bati eusten dio, izan metafisika, mitoa, artea, arrazoia, zientzia, ideologia, tribua, entretenimendua, sexua, drogak… Zaila da guztiak neurrian baloratzen dituen indibiduorik topatzea.

Jainkoen ilunsenti honen aurrean, jainkoen esklabuek hain justu kontrakoa egingo dute, jainkoa azpimarratu, dogma zabaldu eta inposatu inoiz baino gehiago. Honen froga da gehien zabaltzen ari den erlijioa islama izatea, eta erlijio boteretsuena judua izatea, ateismoa edo gnostizismoa ordez. Antzinako ateismoa, gnostizismoa, agnostizismoa herri kristauetan eta kristautasunaren baitan berreskuratu eta indartu zirenez, kristautasuna bera ere gainbeheran doa. Jainkoak eroriko dira, baina azken buztankadak emango dituzte hil baino lehenago.

Makil eta gurpilen bidez indar gehiago lortu genuen. Idazketaren bidez memoria gehiago. Eta orain zibernetikaren garaian, pentsamendu azkarragoa. Honek gehienbat kalkuluaren bizkortzea, zerbitzuen robotizazioa eta komunikazioen globalizazioa ekarri ditu, baina inteligentzia artifiziala izango da benetako aldaketa laister.

Bestetik, globalizazioak, informatizazioak, bigilantzia eta manipulazio masiboak erraztu ditu. Armamentistikaren aurrerapenak matxino eta armada konsolidatuen arteko aldea nabarmendu du. Herri xeheak ez du ahalmen teknologikorik armadei aurre egiteko. Bestetik internet eta bideokamerei esker bigilantzia konstantean gaude, edozein indibiduoren mugimendu gehienen jakinean daude estatuak.

Teknologiak ere geopolitikan eragin du noski. Informazio eta materialen globalizazioa gelditzeko etorri dira. Arma nuklearren antzera, gerra hotzaz geroztik hiru izan dira faktikoki potentzia militarrak: EEUU, SESB eta Frantzia. Berdin du Errusiak Kalifornia edo Alemaniaren antzeko BPGa edukitzea, Asian eta Europa ekialdean haiek agintzen dute oraindik. Boterearen monopolioak hiru hauen esku jarraitzen du, Txinaren ekonomia edozein izanda ere.

Ekonomiari begira, gizaki xehea guztiz baliogabea eta arazotsua bihurtu da elitearentzat. Dagoeneko apenas behar dute proletariatua automatizazioari esker, eta oraingo trantsizio egoeran 2. munduko langileak erabiltzen dituzte automatizazioa guztiz garatu arte. Bestetik, egia den arren, eliteek gainpopulazioak ekosisteman egiten duen kaltea erabiltzen dute populazio okzidentala murrizteko helburuarekin, ez baitute behar jada. Jaiotze tasaren gainbehera lehenik mendebaldeko herrietan hasi denez, hirugarren munduko inmigrazioa erabiliko dute ere dagoeneko ahuldurik dauden nazioak are gehiago zatitzeko.

Dinamika sozial eta nazionalei begira ere zahartze prozesu bat ikusten dugu. Jada ez dago sentsorialki esanguratsua den aurkikuntzarik edo lur exotikorik. Gure planetako zirrikitu guztiak aurkitu ditugu, estatuak kontsolidatuak daude, eta kultura guztiekin kontaktua dugu. Espantsio falta honek, garai batean Europak bizi izan zuena 19. mende aldera, Robert Zubrinek ongi jartzen duen modura, espantsio espazialaren ausentziak desilusio espiritual eta intelektuala dakartza, eta Europak aspaldi galdu bazuen, EEBBak ere bere berritasunerako grina galtzen ari da. Jende gehiena sentsoriala baita, eta sentsorialki gaur egun ez dago espantsiorako lekurik. Honek halabeharrez beste planeten esploraziorako grina berpiztu du, gizadiaren superbibentzia berarentzat ezinbesteko egitekoa ere den arren.

>>Euskal Herriarengan ere fenomeno guzti hauek eragiten digute, baina hilzorian dagoen gure nazioa ikusle hutsa da.

>>Arimari dagokionez, euskaldunak berea galdu du, frantses, espainol eta ingelesarena hartzeko. Euskaldunok berez kultura okzidentalean guztiz barneratuak gaude, gure tradizio literario eta mitologikoekin ez dugu inolako lotura sinbolikorik. Hau galduta, errebeldiarako sen euskaldun historikoa bera ere galdu dugu. Barnean triste, baina kanpotik pozik, espainol eta frantses kulturaren menpe bizi gara, eta beldurra diegu, sakonenean ez dugulako geure burua baloratzen.

>>Gure nazioa bera guztiz egoera tamalgarrian dago, kontuan harturik nazioa arraza, kultura eta politikaren arteko elkargune bat dela. Euskalduna zein den beste nazio gehienen moduan identifikatzen badugu, hiruak konpartitu beharko ditu, beraz euskaraduna eta nazionalista izan beharko du halabeharrez, hizkuntza ere ez dakienik eta herriari traizioa egiten dionik ez baita inoiz nazioaren parte, ez hemen ez inon. Eta kontuan harturik ere hizkuntza erabilera dutenek normalean kontzientzia kolektibo eta estatalista handiagoa dutela, euskararen ahozko erabilera %12 inguruan egonik suposatu behar da hauetako asko ez direla euskaldunak.

Azkenik datorkigu honako galdera: euskaldunak diren horietatik zenbat dira estatalistak eta zenbatek egiten duten gure kulturaren eta estatuaren alde? Eta hauetatik ere zenbatek duten politika eta historiaren ulerkera minimo bat…

Uste dut guztiz fragmentatua dagoen nazio baten askatasunaren bidea zein metodologia zehatzen bidez egingo den eztabaidatzea absurdoa dela. Borroka armatua, eskubide zibilen defentsa, erabakitzeko eskubidea, legedi internazionala… Hau teorizatu beharretik oraindik oso oso urrun gaude. Zauriak sendatzearekin eta altxatzearekin momentuz ere gehiegitxo dugu. Espero dut baina altxatzen haste hutsaren txinpartak altxamendu orokorra hastea.

>>Hizkuntza ere, noski, txarto. Ikastolen mugimenduak, egon den arrakastatsuenetakoa izanda, lortu zuen haurrek euskaraz ikas zezaten, gero bizitzan oro har erabili ahal izateko; hala ere hau ere lortu dute infiltratu eta usurpatzea. Euskal unibertsitate publikoaren lorpena, kontestuan jarrita, izugarria izan da ere, ikastolen antzera dagoeneko neutralizatua dagoen arren.

Beraz esan daiteke euskal gazteek lehenik euskara ikasi ahal izan zutela, eta gaur egun ikasketa akademikoak euskaraz ikasteko aukera dagoela, erdizka bada ere, Espainiak okupaturiko lurretan. Frantziak okupaturikoetan ordea, berriz ere erdizka, soilik eskola mailan ikas dezakete. Argi dago Frantziak okupaturiko lurretan beraz euskarazko unibertsitatea dela lehentasuna, eta Espainiak okupaturiko lurretan euskarazko lan profesionala.

Zeren goi kulturak ahozko erabilera bermatzen duen modura, profesioak eta akademiak eragin berdina dute. Gazteek ikusten dute hizkuntza ez dela beharrezkoa, ez duela prestigiorik. Hobe litzateke gaur egungo euskaldunen hamarren bat izan, baina goitik beherako euskarazko lotura izatea, haurtzaindegitik unibertsitatera, lan mundura, literaturara, artera, zientziara, filosofiara… Azken finean hobe litzateke hizkuntzaren erabilera praktikoa eta prestigioa bermatu, erakutsi gazteei bizitzako arlo guztietan erabiliko dutela, hainbat haur euskarazko eskolara bidali azkenik ondoren ahazteko baino.

Kalitateak soilik bermatu dezake kantitatea.

>>Gurea kultura urriko herri bat da eta izan da, onartzea zaila den arren. Irakaskuntza, zientzia, berrikuntza, sari literario eta zientifikoetan, gu beti atzean gelditzen gara. Unibertsitate eta eskolan hori begi bistakoa da. Eskola frantziarretan, belgikarretan, alemaniarretan… haurrak disziplinatuak dira, arazorik sortu gabe parte hartzen dute klasean, nik neuk ikusi dut hau. Hizkuntzen erabilera (frantziar eta espainiarrak kenduta, haientzat ingelesa traba baita) ere tamalgarria, ikasleek batxilergotik ingeles maila minimoarekin justu justu ateratzen dira, kultura frantziar eta espainiarra kontsumitzera behartuz.

Berdina unibertsitateetan, ezin ditut alderatu nik ezaguturiko ikerlari belgikar eta kataluniarrak euskaldunekin. Ranking-etan ere behean. Lehenik eta behin akademian sakrifiziorako grina urriagoa dutelako, baina batez ere EHUko prestakuntza guztiz teorikoa delako, errealitatera salto egitean zerotik hastea bezalakoa da, kataluniar eta belgikarrek zehaztasun minimo batekin ikerketa nola bideratu badakiten bitartean, hala irakatsi dietelako errealitatera eguneraturiko irakasleek.

Espainia eta Katalunia Espainiaren menpeko Euskal Herriarekin alderatuz gero ere egoera tamalgarria da. Eta EAEko PISA emaitzak ikusi besterik ez dago, espainiakoarekin eta NFEarekin alderatuz. Ikerketa honekin obsesionatzeko arrazoirik ez dagoen arren, behintzat konparazioetarako balio du, eta euskal eskola publiko zein pribatua espainiarraren atzetik dabil.

Azkenean badirudi egia izango dela herri baten oinarri eta tradizio literarioa ondo barneratu eta sozializatzea beharrezkoa izatea.

>>Honek guztiak gizartean, indibiduoon arteko erlazioetan, eragin zuzena du. Konformistak gara. Mendebalde osoaren antzera, baina omerta kolonialistak areagotua, euskal gizartea gaur egun obediente eta kikildua da, mugimendu abertzaleetan barne. Jendeak kontsentsua bilatzen du euren inguruan. Gehiengo koloniala roboten mailan daude teledirigituak, obsesiboki haien karrera profesional eta estatusa bermatzeagatik edozer egiteko prest daude, normie eta goyim zintzo perfektuak dira. Garai bateko ispiritu errebeldeari uko eginda, abertzale eta independentista gehienak, gutxiago bada ere, antzekoak dira, termino herrikoi eta partidistan estatusa bermatzeagatik desesperatuak daude, eta berdin berdin dute ere normatik ateratzeko beldurra.

Hala, gai nazionaletan sartzen ez zaren bitartean (hau tortura eta kartzelarekin zigortua baitago), gaur egungo zigor soziala humanoagoa bada ere, Europa feudaleko adierazpen askatasun maila berbera dugu. Hau lortzeko magia ongizatea izan da, jendea horren akomodatua dago, klase ertain-baxukoak ere, ezen komoditatea galtzeko beldur patologikoa dutela gai polemikoak lepra izango balute bezala.

Erreminta funtsezkoenak internet bidezko hedabideak eta unibertsitatea dira. Internetari esker propaganda merkea da, herri xehearen bizitzako zirrikitu guztietan sartzen da, eta hiri handietan orain herri txikien tribalismoa eta esposizio soziala sartu dira sare sozialei esker. Pribatutasunaren heriotza izan da.

Unibertsitaterik gabe gaur egungo gazteek ezingo ziren esklabo baten estatus mailatik atera lan mundu pribatuan, eta diru publikoa erabiltzen dute gazteek lan merkea egin dezaten, eta adoktrinatuak izan daitezen. Bekak oparituz, balio profesionalik gabeko gazte eta helduek estatusa lortzeko aukera dute unibertsitateetan, balio errealik gabeko lanak eginez, eta beraz hauek ere haien estatusa bermatzeko trenera igotzen dira. Zeren ezer ere ez duenak ez du beldurrik bere ideiak adieraztera, baina beren estatusa lortzen hasi direnek irudia zaindu beharraren trenera igo dira hasiera hasieratik.

Hau oraindik lazgarriagoa da gizonen artean emakumeen artean baino. “Nik sinisten dizut” eta “emakumea bada egia esango du” bezalako kanpainek eragina egin dute. Emakume baten iritzi polemiko bat barkatu egiten da errebeldia erakusteagatik bada ere. Gizonari ez. Gizonak ez du ezta bere bizi egoera kaxkarra (irakasleen aurreiritzi akademikoa mutikoekiko, osasun laguntza gutxiago, lan istripuen monopolioa, biolentzia ia guztien biktima izatea, lan aukera baxuagoak, suizidioak, gartzela…) ere aipatzen. Bestetik, betidanik, gizonarekiko solidaritate faltagatik, gizonak estatusa galduz gero guztia galtzen du, horrexegatik dira etxegabe ia guztiak gizonak ere. Berriz ere, iraultza orok behar dituen kondizioak eliminatu dituzte hemen ere.

Dena dela, eta ezker jerifalteak orain hasi dira ohartzen, (ez ziren hil Laura, hil zituzten: https://www.youtube.com/watch?v=HwRLd6LNmqg), hau apurtzen ari da goitik behera. Duela 10 urtetik interneteko sare sozialak begiratzea besterik ez zegoen ikusteko indentitateen politika, nazionalismoa, maskulinismoa eta fundamentalismoa, gaizki zein ondo ulertuak, berriz gogor etorriko zirela, eta hau eskuartean hartzen zuten gazteek errebeldearen posizioa hartuko zutela. Apurka apurka hemen ere berdin gertatzen ari da. Baina artean eta zientzian bezala, gu azkenputz.

>>Euskaldun eta kolono espainiar eta frantziarren jaiotze tasa Europako baxuenetakoa da, beraz munduko baxuenetakoa dela esan daiteke. Kontua da, ez dudala aurkitu euskaldunak direnen jaiotze tasari buruzko daturik, zerbaitengatik izango da, baina ikerketa soziolinguistiko famatuaren datuak behatuz argi dago euskaldunok tasa baxuagoak ditugula. Ez dezagun ahaztu euskararen beherakada euskaldun zaharren erabilera faltagatik izan bazen ere, eta gorakada euskaldunberriei esker izan bada ere, hizkuntza guztien transmisio modu zabalduena gurasotik seme-alabetara izaten dela.

Espainiar eta frantziarrekin lehiatzea nahikoa ez balitz, honi gehitu behar zaio jaiotze tasa askoz altuagoak dituzten gero eta immigrante gehiago datozela, urtetik urtera aurretik zeudenek zein berriek ondorengo gehiago edukiz. Argi utziko dut, hau ez da guretzat arazo larriena, kolonoen gehiengo handia espainiar eta frantziarrak baitira, baina dudarik gabe bihurtuko da espainiar eta frantziarrek hala nahi duten bezain pronto.

>>Beno, guztiak ezin zuen hain txarto joan. Euskal Herria eta ondorengo kolonoak zerbaitetan beti mantendu izan badira maila dezente batean ekonomian eta industrian izan da. SENER edo CAF bezalako erraldoiak ditugu, ehun industriala oso konpletoa da, herri europarren mailan, eta Frantzia eta Espainiaren mailen gainetik, eta hori kontuan harturik Espainiarren ekonomia alperrak eta Frantziarrek egindako deslokalizazio eta pobretzeak geldiarazi gaituztela. Teknika eta lanerako grinan ez gara inoiz atzetik ibili. Zehazki euskaldunon egoera ekonomikoa garrantzitsua den arren, egoera ekonomiko on batean egoteak baditu bere arazoak, hala nola 70. hamarkadako inmigrazio masiboa Espainiak okupaturiko Euskal Herrian. Hala ere frantziarren estrategiarekin alderatuz ikus dezakegu deslokalizazioak oraindik eragin okerragoa duela, gazteak kanpora irten behar izatea beraz kanpotarrak etortzea baino larriagoa da.

Beste kontu bat da ekonomia egoki hau noraino dagoen euskaldunon esku. Ez dut inolako daturik eskura, baina ez dut uste azkenaldian euskaldun kontzientziatuen modura jokatuz hierarkia sozial eta ekonomikoan gora egin daitekeenik; euskara hutsean bizi eta gure herriaren alde ekiteak pobretze eta isolamendua dakar ez besterik. Hizkuntzak ere harreman zuzena du ekonomiarekin noski. Euskal herrian oro har ez dago euskaraz lan egiteko modurik. Oro har euskara kostu baxuko ekonomian sartu da, zerbitzuetan, humanistikoetan eta unibertsitatean, birmoldaketek inbertsio gutxi exigitzen baitute eta unibertsitatea guztion diruarekin ordaintzen baita. Teknika altuko eta industria handiko ekonomia pribatuetan (ekonomiaren alderik pisuzkoenak) euskara ez da inoiz sartu, enpresariak inbertsio txikiak egiteko prest daude zerbitzu eta atentzioa euskaraz jartzeko, baina ekonomiaren arlo garrantzitsuetan euskara sartzea haientzat burugabekeria eta zorokeria hutsa da. Hau aldatzea gai bitala da.

>>Geopolitikoki, boterearen kontsolidazio mundialak ere eragin zuzena du guregan. Frantziar eta espainiarrek, europarren konplizitatearekin, botere sobera dutela badakite. Kontsentsu internazional orokor bat dago gauzak dauden bezala mantentzeko, beraz zail oso zail dago Espainia eta Frantziaren aurka aliaturik topatzeko.

>>Azkenik, biolentzia. Gaur egun euskaldunok ez dugu inolako ahalmen biolentorik. Borroka armatuak gelditu dira, eta instituzio kolonialen poliziak noski inperioaren zerbitzura daude. Hori gutxi balitz, armak edukitzearen eskubide santuaren aurka gaude. Gizakiak defendatzeko eskubidea du naturak emana, baina guk ukatu egiten dugu, poz pozik. Barre egiten dugu herritar armatuak dituzten herrietaz, inperialistek irakatsi digutelako, baina egiatan haiek daude gutaz barrezka. Gazteei ehiza armekiko beldurra ere sartu zaie, hau gutxi balitz, gure obsesio patologikoaren erakusle. Espainia eta Frantziak gu garbitu nahiko bagintuzte ez lituzkete fusil edo arma handirik beharko, gu lerroan jarriko ginateke.

Ahul eta baldar egote honen harrotasun amaigabe patetiko hau alde batera utzita (katalanek larriagoa dute), gure botere militar falta ulertzekoa da. ETAren gainbehera, edo orokorrean euskaldunon erantzun biolento mota guztiak, euskaldunen kikiltze hutsaren ondorioz izan dela esatea modan dago ere. Uste dut oker daudela. Akatsak akats, duela 50 urte herri hau indar osoz altxatu zen. Herri txikia izanda ere, erantzun bortitza eman zuen. Lehenik eta behin, esan bezala, insurgentziak mendebaldeko Estatu konsolidatuetan nekez dute ezer egiterik. Gaur egungo bigilantzia mekanismoak, indarkeria inperiala zuritzeko mekanismoak eta armamentistika beraren sofistikazioa ezin da alderatu duela 40 urtekoarekin. Eta 50.000 preso, 400 hildako eta 10.000 torturatu horren biztanleria txikian bortizkeriaren bidezko garaipen hutsa izan da, indar handiak indar txikia garaitu du.

Indar militarra alde batera utzita, beste kontu bat da oro har gure erresistentziarako prestutasuna, eta hau ere torturaren bidez garaitu dute. Historiari begirada bat emanez, gerra errepikatu sorta hori behatuz, ikus daiteke gizakien gehiengoak, entrenatuz gero, gudu zelaian bizia galtzera edo preso hartua izatera prestutasuna izan dezakela. Torturak ordea, gizabanako ia guztiak neutralizatzen ditu. Garaitu gaituena tortura izan da.

 

Ortzi gurekin.

 

70 views

5 thoughts on “Egoera

  1. Pilula gorri sorta ederra, barneratzea kostatzen zaigun egiez betea. Askori ondo etorriko litzaieke irakurtzea, beren iupiren mundutik jeisteko.

    Egoera tamalgarri hau gorabehera, optimista naiz erdizka herri honen geroarekiko. Geopolitika oso gustokoa dut eta azkenaldian geroz eta ohikoagoak dira oraingoaren jarraipena izango den krisi handi baten iragarpenak. Aldaketa klimatikoa, lehengai fosilen amaiera, lasterketa armamentistikoa, Afrika eta Asiako bonba demografikoak… koktel arriskutsua osatzen dute denek batera. Ondorengo hamarkada hauetan pentsa ezinezko aldaketak emango direla ziurta daiteke okertzeko beldurrik gabe. Munduko ordena indarkeria handiz aldatuko da, eta Txina ikusten dut XXI. mendeko potentzia nagusitzat. Errusia bere lekuan mantenduko da tinko, Hegoamerika eta Afrika kaos betean sartuko dira eta Mendebaldea izango da, EEBB eta Europa buru, galtzaile handiena. Gure kontinentea pikutara doa dudarik gabe, edozein irizpideri begiratuz ikus daiteke hori.

    Euskaldunok egoera ezegonkor honetan aukera ikusi behar dugu burua altxatzeko, zapaltzaile nagusien (Espainia, Frantzia, EB) gainbehera probestuta. Garai nahasi bezain interesgarriak datoz. Gure esku dago (bai, hau bai) gure biziraupena

    • Mila esker erantzunagatik Mikelats. Optimismo eta pesimismoaren gaia agertzen ari da gero eta gehiago euskal herrian, seguraski pesimismoa ezin dutelako ezkutatu askok. KOntuan hartu idazki hau korporatibismo euskaldunari buruzkoa dela, beraz diagnostikoa egin ondoren ekintza landuko dugu. Eta egia esan saiatu naiz ahalik eta errealistena izaten, ez dut tonu gogorrik gehitu, ez nahita behintzat.

      Ez dago gure herriaren egoerak, bere horretan utzirik, hobera egingo duen indikatzaile askorik. Egoera bera txarra da, eta joera orokorra oso kaxkarra da, eta datu estatistiko gehinek hau erakusten dute, erabilera, jaiotze tasa, kataluniaren egoera, utzikeria politikoa… Errealismoak eta dedikazioak soilik aterako gaituzte.

      Bizitzako arlo guztietan bezala. Esfortzuaz gauzak hobera egiten du, utzikeriaz okerrera. Kontuan harturik gizakiak erabakimen askea duela, edo erabakimen askean harrapaturik dagoela, optimista izango naiz gure askapenerako bidea hartzea erabakitzen badugu, baina pesimista berdin jarraitzen badugu. Hau azterketen modukoa da, azterketa erraza espero baduzu eta ez bazara prestatzen, penkatuko duzu. Azterketa uste zenuena bezain gogorra bada eta prestatu bazara, gaindituko duzu. Eta azterketa zaila espero bazenuen, prestatu bazara, eta azterketa azkenik erraza bazen (hau da gure herriko “optimistek” uste dutena), 10 bat aterako duzu. Ba goazen 11 bat lortzera.

      Hau argi ikusi daiteke kataluniarekin. Nik uste dut pertseberantzia eta ausardiaz biziraun eta haien estatu independientea osatuko dutela. Baina batzuen aluzinazio maila neurosiarenera igo da, zuk ongi ikusi duzunez seguraski sare sozialetan, esaterako guk kataluniako bidea jarraitu behar dugula lortu dutena ikusita. Azken hilabeteak arte, haien nazioaren osagaien zaintza eta zabalkuntza ikusirik, noski baietz, ni bide katalan horren alde nago. Baina erreferendumaz geroztik kataluniaren garaipena saltzen dutenak uste dut beste dimentsio batean daudela. Uste dut pesimistak haiek direla, zeren, hain hain hain ongi egin badute guzti guztia katalanek, eta ez badute ezer lortu, horrek esan nahi du, haien arabera, guztia ongi eginda ere ez dagoela independentzia lortzerik.

  2. Aupa hi! Ederra artikulua. Kritika bat egitekotan, formara bideratuko nuke, izan ere, esaldi batzuk ulerterrazagoak izan daitezke beste modu batean idatziz gero. Kontu asko jorratu daitezke honetatik, baina bat aipatzearren:

    Zuk ongi diozu komunikazio, arma eta zibernetika-arloko teknologia berriek errazagotu dutela jendartearen manipulazio eta kontrola. Eta ez dira ahaztu behar gerra-psikologikoa eta MK edo gogoen manipulazio teknikak, zeinak masarengan ezartzen diren aipaturiko teknologien bitartez. Horretaz gain, Mikelatsek dio ekaitz perfektua hurbil dagoela, eta kaoseranzko joera hareagotu egingo dela datozen urteetan. Ados nago ikuspegi horrekin: petro-dolarraren burbuila, zorra internazionala, krisi energetikoa, demografía eztanda hirugarren munduan, botere globalaren kontzentrazioa…

    Ez dago argi okerrerako bidea “Crack” moduko baten bitartez gertatuko den edo apurkako degenerazio baten modukoa izango den. Dena dela, ezingo dugu egoera horien aurrean gauza handirik egin gizabanako isolatu moduan jarraitzen badugu. Garai txarrei aurre egiteko, euskaldunok baserria garatu genuen, hots, autarkiatik hurbil dagoen unitate ekonomiko burujabea. Baserrien oinarri soziala lotura naturaletan oinarrituriko taldea zen, hau da, familia edo leinua. Bada, komunitate organiko sendo baten garapena eta beraren burujabetzak baldintzatuko du gure zoria etorkizunean: familia, leinu eta lagun-artetik hasita euskal komunitate etniko-kultural lotu, sendo eta artikulatu bateraino. Horretaz gain, oso zailak dira infiltratzen odola eta nortasun sakonean oinarrituriko taldeak. Ijito-klan batean edo Ipar Irlandako komunitate katoliko batean ezin daiteke polizia-satorrik sartu modu errazean.

    Hortaz, askoz ere errealistagoa ikusten dut gu lantzen ari garen aukera Josebak landuriko egoera horren aurrean, independentismo ofizialarena baino, Euskal Errepublika horren lorpenean ikusten baitu arazo guztiei amaiera emateko formula magikoa. Denok nahi dugu Euskal Estatu bat, baina, batetik, ez digute hori lortzen utziko, eta bestetik, Estatu propioak ez du euskaldunon egoera larria konponduko era magiko batean, ongizate materialak arimaren arazoak konpon ezin ditzakeen moduan. Beraz, beste ikuspegi bat eman behar zaio kontuari, helburua berdina bada ere. Eta hor badugu zer esan eta egin

Leave a Comment